XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Espainiarako itzulera

Guakanagari'k, laster jakin zuen Kolon'en naufragioaren berri.

Berehala bidali zituen bere gizonik indartsuenetako batzu marinelei lagun ziezaieten galdutako untzitik ahal zen guztia ateratzen eta lehorrera eramaten.

Ur, janari eta suaz hornitu zituen bizirik atera ziren gizon dardaratsuak.

Bere anaiak ere bidali zituen hondartzara inolako lapurretarik egiten ez zela gainbegiratzeko; soka zati bat ere ez zen desagertu, idatzi zuen Kolon'ek bere egunkarian.

Denek agertu zioten Guakanagari'ri beren eskerrona eskuzabaltasun harengatik.

Kolon eta bere gizonek kanpaleku bat eraikitzea erabaki zuten hondoratutako untziaren zura erabiliz.

Batzu bertan geldituko ziren eta urrea bilatzeari berriro ekin, beste zenbait, Kolon'ekin batera, geratzen ziren bi itsasuntzietan Espainiara itzuliko zirelarik.

Oraindik ere, Kolon'ek hemen, Hispaniolan, urre altxor ugari kausitzea espero bide zuen; Ferdinando eta Isabel'i idatzi zien bere itxaropenen berri emanez.

Ez zen abiatu harik eta kapamendua eraikita ikusi eta Guakanagari'ri bertako beste jende burrukazaleagoren aurka defenda zezan eskatu arte.

Gero irletan zeharreko beste espedizio batetan joana zen Pinzon kapitainarekin batu eta Europarantz jo zuten.

Urre puxka bat (ez nahi beste, ziur aski), bertako hegazti eta animalia batzu, kotoia, belarrak, anbarea eta bahituriko hango bizilagun batzu ere zeramatzan.

Atzerako bidaia ikaragarria izan zen.

Izugarrizko ekaitzak jasan behar izan zituzten eta jende guztiak uste zuen hilko zirela.

Azkenik Kolon'ek lortu zuen sartzea bere itsasuntzia Lisboako kaian eta handik, kostaldeari jarraiki, Espainiaraino bueltatu.

Jendetza bildu zen itsasportura agurtu eta beraiek ekarritako merkantzia eta personak ikusteko asmoz.

Isabel eta Ferdinando'k Gortera deitu zuten, eta bertan ohore handiaz hartu.

Berriro Espainiara abiatzen zelarik, Kolon'ek bere aurkikuntzen berri idatzi, kupela batetan sartu eta uretara bota zuen, bera itsasoan hilez gero norbaitek topatuko zuelakoan.

Geroago Europa osoan zehar saldu eta berehala ospea ekarri zion bere bidaiaren narrazioa izkiriatu zuen.

Kolon ziur zegoen urrea aurkituko zuela.

Batzutan bidaia bilaketa sakratutzat hartzen zuen, beranduago idatziko zuen legez, berak uste zuen Jainkoak erakutsiko ziola urrearen sorlekua.

Kolon'en aurkikuntzak areagotu zituen Espainia eta Portugal'en arteko lehiak.

Europarrek bisitatutako lur berriak kontrolatzeko eskubidea zein erresumarena ote zen eztabaidatzen zuten.

Azkenik Aita Santuak itun bat sinarazi zituen Tordesillas'en 1494. urtean; honen arabera, Ameriketako lurralde berriak erdibanatu beharko zituzten.

Kolon'ek Europara ekarritako indiarrak oso gaizki tratatuak izan ziren.

Jendetza handi, begiluze eta zaratatsuen aurrean erakusten zituzten bitxikeria gisa eta bazeuzkaten beti kateaturik, ihes egingo ez ote zuten heldurrez.

Batzuei mozala ere jartzen zieten, txakurrak bailiran.

Ez da harritzekoa, beraz, gehienak laster gaixotu eta hil baldin baziren.